XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Doping-aren inguruan

Tour-a bukatu eta hausnarketa egiteko garaia iritsi da. Gaia aztertzen hasi baino lehen ezagutu beharreko bi araudi aipatuko ditut:

Alde batetik, Frantziako kode penalean mundu osoan aitzindaria den doping-a kirolean arautzen duen legea (1989an onartua); lehenengo aldiz lege batek kirolariei debekaturiko substantziak salerosi, gomendatu edo ematea galarazi eta zigortzen du, txirrindularitza profesionalean dabiltzan zuzendari, sendagile eta tekniko guztiek arras ongi ezagutu beharko luketena.

Bestaldetik, kirol gehienetan amankomuna den araua, kirolean debekaturiko substantzia eta farmakoen zerrenda.

Kirolaren arauek beraz, araudiz kanpo jokatzen duen kirolaria zigortzen dute: Frantziako lege eztabaidatu honek berriz, kirolariei araudiz kanpo jokatzeko bideak ireki dizkieten teknikoak ditu begiradapean. Aurrerapauso bat iruditzen zait.

Aurten gertatutakoari helduz, epaileek une hau aukeratu izanaren zergatia aztertu nahi nuke: afera aspaldi hasi omen zen eta honen atzetik zebiltzan, Tour-ean txirrindularitza munduko talde nagusienak daude (ikerketapean zeuden taldeak barne), taldeek tresneria guztia gainean daramate eta Frantziako lurraldean hilabetez egonen dira.

Tour-a kolokan jarri duen erabaki judizial honek Frantziar gobernuaren onespena izan duela esatera ausartuko nintzateke.

Erabaki zaila da, inpopularra (Virenque eta beste zenbait frantziar txirrindulari tartean baitzeuden), baina doping-aren aurkako borrokan zezena adarretatik helduz. Antzerako egoera batean, Espainiar Estatuan horrelako erabakia pentsaezina iruditzen zait.

Epaileek aurrera daramaten ikerketa honek estalkia altxatu du, aski garbi utzi du txirrindularitza profesionalean kirol araudian debekaturik dauden zenbait substantziaren erabilpena nahiko zabaldua dagoela. Era berean, oso garbi utzi du zein bizkor dabilen doping-aren mundua, Tour-ean ez baita positiborik izan.

Ikerketa honek estalkia altxatu du, aski garbi utzi du txirrindularitza profesionalean kirol araudian debekaturik dauden zenbait substantziaren erabilpena nahiko zabaldua dagoela

Sentsazio gazi-geza dut une honetan, bihotzari kasu eginez eta txirrindulariek jaso duten tratua ikusirik tristura sentitzen dut; epaileek beraien aginduak betearazten dituzten polizien jokabideak zorrozkiago gainbegiratu eta atxilotu eta lekukoen eskubideak errespetatzen direla ziurtatzeko bideak bermatuko beharko lituzkete.

Bestaldetik berriz, doping-a goi mailako kirolean eroso zirudienean, bere aurka egiteko bide berria ireki ote den itxaropena dudalako.

Zenbait kirol adituk nolabait hau guztia justifikatu nahi izan dute: zenbait substantzia kirolariaren osasuna bermatzeko beharrezkoak direla, kirol lehia epikoa eskatzen dela eta hori eskaintzeko zerbait hartzea beharrezkoa dela, ikuslegoak espektakulua eskatzen duela, ez dagoela garbi doping-aren muga... Zergatik ez da hori guztia lehenago aldarrikatu eta argitu?

Nire ustez aitzakia hutsak dira, kiroletan arauak daude eta errespetatzen ez direnean iruzurra egiten da.

Inongo zalantzarik gabe, kaltetuenak kirolariak dira.

Hauetako batzuk, presio ezberdinak direla medio, hartzera ia beharturik aurkitzen dira: beste batzuek berriz, ezer ez hartzearen ondorioz, bere aukerak murriztuak ikusten dituzte.

Doping-ak kirolaren oinarriak txikitzen ditu; joko garbia, kiroltasuna, lehiakideari errespetua eta abar luze hori non gelditzen dira? Merkatal interes izugarriak kirola moralik gabe uzten ari ez ote diren ez nuke pentsatu nahi.

Arazo honetan kirol agintariek erantzukizun handia izanik, oraindik doping-aren aurrean duten jarrera argitzeke dute. Iruzurrarekin bukatzeko, hipokresia eta aitzakiak zokoratuz, kirolaren munduan gauden guztion indarrak batu behar ditugu.

Beharbada, doping-aren inguruko adituek, beraien ustez araudia oker baldin badago, zenbait arau birplanteatu beharko lituzkete. Bitartean, egun dagoen araudia errespetatu behar da eta araudiaren mugetan dabilenak badaki zertan dabilen.